“Mendian gara”
Zeu ere herriko koloreekin kirola egiteko gogoz?
Anima zaitez parte hartzera!
1. IZEN EMATEA
Lehenengo fase hau hil ala bizikoa da. Gutxiengo parte hartzea beharrezkoa izango dugu proiektuarekin aurrera egin ahal izateko. Azkar! izena eman!
2. DISEINUAK FINKATZEA
(Ordainketa aurreratzea)
Fase honetan, gutxiengo kopurua lorturik, dirua aurreratu beharko dugu. Momentu honetan oihalak frogatu eta aukera ezberdinen artean erabakitzeko parada izango dugu. Une honetan hasiko dira NEGUA-ko kideak ekoizpenerako diseinuak finkatzen. Honetan ere erabakitzeko aukera izango dugu.
3. ESKABIDEA
Hirugarren fase honetan eskabiderako deialdia irekiko da, diseinuak finkaturik egonik, jende gehiagori parte hartzeko aukera eskainiko zaio. Ordainketa osoarekin tailak zehaztuko ditugu ekoizpena abiatu ahal izateko.
4. UDAZKENEAN BANAKETA
Orain mendira! Kirolerako elegante.
Dagoeneko aurre eskaera itxita dago. Irailean eskaera fasea irekiko dugu, lasai egon 😉
https://tinelu.eus/wp-content/uploads/2023/07/Ziriku-Extrem-2023.mp4
Gehiago jakin nahi dut:
Lezoarrok mendiarekin eta kirolarekin lotura estua dugu. Horren erakusle itzela da azken urteotan Otsailero herrian ospatzen dugun Lezo-Jazkibel Mendi Lasterketa. Bederatzi urtez modu eredugarrian burututako lasterketa azkar barneratu zen herriko ekitaldien egutegian, Lezoarrok irrikaz hartzen dugun eguna bilakatu zelarik hasiera hasieratik. Ikustea besterik ez dago antolatzaileen ekinak eragiten duen bolondres fidelaren partaidetza, urtero udaletxe aurreko eskaileratxoetan lasterketa egunaren lehenengo orduetan ateratzen den familia argazkia. Eta nola ez, mendi zokoetan zein herriko kale kantoietan txaloka lasterkariak hauspotzen aritzen garenon zaletasuna. Mendi lasterketen artean sona handikoa da gurea, urtez urte antzematen da hori urtezahar gaueko mahatxen ostean izen-emateak ordu gutxitan amaitzen direlarik. Nabarmentzekoa da gainera lezotarron partaidetza areagotzen ari dela ikustea. Arrazoia Trail Running-aren azken urteetako loratzearen islada izan liteke ziurrenik, baina lezoarrok lana ongi egiten ari garenarena ere bai, antolatzaile, bolondres, lasterkari zein zaletu, ez izan zalantzarik.
Esan daiteke badugula, modu batean ala bestean, mendian higitzeko berezko grina eta premia. Jaizkibelen altzoan dugun kokapenak eskaintzen digu hain zuzen modu ezberdinetan naturarekin bat egiteko aukera paregabea: Aisialdia, ikerkuntza, ikaskuntza, kirola, lehiaketa eta entrenamendua, mikologia eta abar. Guztiak funtsezko jarduera osasungarriak. Mendiak eskaintzen digunaz gozatzen jarraitu ahal izateko berau zaintzearen ardura hartu beharra dugu. Herriko lurren hondare natural ugariena eta garrantzitsuena mendia izanik, honen zaintzak herriaren zaintza baitu ondorio zuzena. Sentimendu honetatik tiraka Iratzerri Lezo Ingurumen Elkartetik eta Tiñelu Kultur Kirol Aisialdi Elkartearen laguntzaz, herri identitatea sendotze aldera eta komunitate anitza jasangarritasunaren bidean bateratzeko asmoz, irabazi asmorik gabeko ondorengo egitasmoa martxan jartzea erabaki dugu: Lezotarrak “Mendian gara“.
Lezotarrak markadun lasterkari zein mendizaleentzako arropa teknikoa eskaintzea litzateke ekimenaren ardatza finean. Herrian zein herritik at burutzen ditugun jardueretan ikus dezatela geuk ere harrotasunez erakusten dugula nongoak garen. Bere momentuan atletismorako eta mendidrako atera ziren kamiseta teknikoei segida ematea da asmoa, oraingoan mendirako eguneratuagoa litzatekeen diseinu edo formatu batetan.
Proiektua aurrera eraman ahal izateko gutxiengo kopuru bat eskuratzeko pertsonen konpromisoa beharko genuke hastapen honetan. Gutxieneko eskabide baten beharra dugu diseinua finkatu eta prototipoak burutu ahal izateko. Honetarako Lasarteko NEGUA kirol arropa teknikoa egiten duen enpresa dugu bidelagun. SORONEA AMMMA lasterkari talde ezagunaren arropak egin dituztenak hain zuzen. Euren esperientzia eta patroiak erabiltzeko aukera dugularik goi mailako jantziak prezio oso lehiakorrean eskuratu ahal izateko.
Animatzen al zara? Ea zer iruditzen zaizkizun ditugun proposamen hauek. Bozeto hutsak dira, garapen prozesuan ari gara momentu honetan. Hasierako fase honetan parte hartuko bazenu zure ekarpena egiteko moduan izango zinateke esaterako kamisetaren ohiala zehazteko eta bestelako ideiak iradokitzeko ere bai noski. Languntza guztia ongi etorria izango delarik 😉 Guztion artean guztiontzako egitasmoa baita hau.
Informazio gehiagorako: iratzerri@gmail.com 678660665 (Ekaitz)
Dagoeneko aurre eskaera itxita dago. Irailean eskaera fasea irekiko dugu, lasai egon 😉