Donostian izan den COVID-19 agerraldi esanguratsuak adarrak tabernara iritsi ote diren zantzuek eragindako ziurgabetasunak eta azken egunetako gertakarien harira, honako hau argitu nahiko genuke:
Dakizuen bezala, prebentzio modura, taberna eta elkartea behin-behinean ixteko erabakia hartu genuen astelehenean bertan.

Ondorengo egunetan badaezpadako desinfekzio sakonerako neurriak martxan jartzeaz gain, kutsatzearen egiaztapena burutzeko frogen emaitzen zain egon gara. Atzo tabernariak bere positiboa baieztatu zigun.

Elkarteari dagokionez, lasaitasun mezua helarazi nahi dizuegu. Aste honetan zehar egoera behar bezala kudeatzeko urratsak zeintzuk diren aztertu ditugu. Honetarako elkarteak aurretiaz kontrataturiko lan prebentzio zerbitzua eta aholkularitza zerbitzua izan ditugu bide lagun. Gainera balizko kutsatuekin eta hauen zenbait kontaktu esturekin harremanetan egon gara. Dagoeneko badakigu gainontzeko langileek eta beste kontaktu estu askok NEGATIBOA eman dutela. Informazio guztiarekin, lasaitasunari eusteko momentua dela adierazi nahi genizueke.

Argi utzi nahi dugu gaur gaurkoz ez dugula ez elkartea ezta taberna ere ixteko agindurik jaso, ezta gainontzean inongo gomendiorik ere ez: erabiltzaileek PCR frogak egitearena kasu. Edonola ere, prebentzio neurriekin jarraitu eta itxiera mantenduko dugula adierazi nahi genizueke egoera baretu bitartean.

Atzoko positiboa baieztatu bezain pronto udalarekin jarri ginen harremanetan, alkateak aurretiaz horrela eskatu zigulako. Hasiera hasieratik komunikazio zuzenaren eta argiaren garrantziaz jabeturik gardentasunez jokatu dugu, birusaren hedatzea gelditzeko eta herritarron lasaitasunerako jarrera egokiena dela argi izanik.

Gure kezka ordea azken honen baitan sortu da. Alkateak OARSOALDEKO HITZA eta DIARIO VASCO bitartez egin duen komunikazioa ez dela egokia izan adierazi nahi genuke. Herrian piztu den alarma egoerak arduratuta gauzkala aitortu nahi dizuegu, bizi dugun osasun larrialdi honetan informazioaren elkarbanatze egokiak duen garrantzia azpimarratu nahi genukeelarik. Ikuspegi politikoak alde batetara utzirik herriaren onura eta osasuna lehenetsiz elkar hartzeko eskaera luzatu nahi genioke udal gobernuari.

Amaitzeko, bazkideoi eta herriari orokorrean, egoera honi aurre egiteko gure borondatea eta prestutasuna azaltzearekin batera, osasuna eta lehenbailehen egoeraren normalizazioa opa dizuegu. Birusak baldintzatu duen egoera orokor honetan gero eta prestatuagoak egon behar dugu. Elkar har dezagun.

Aurrera Lezo!
Aurrera Tinelu!


0 Comments

Utzi erantzuna

Avatar placeholder

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude