Larrialdi egoerako faseen antzera, elkartearen irekierarako prozesu propioa garatzea adostu dugu azkeneko zuzendaritzaren ezohiko batzarrean. Segurtasun erabilera irizpideak eta protokoloak zehazteko, eta azpiegiturak nola egokitu behar ditugun jakiteko, informazioa falta zaigula aitortzen dizuegu. Argi izanik edukiera baldintzak zeintzuk diren, sukaldea nola erabil dezakegun eta garbitasun neurri aproposak zehazteko zalantzak ditugu. Halaber, edukiera edo aforoa nola kontrola dezakegun ere. Erabiltzaileen eskutan ardura uzteak ezinegona sortzen digu, aurrekariek ez digute konfiantzik ematen egia esan. Horregatik, irekiera, normaltasun berrira iristeko, urratsez urrats ematea erabaki dugu.

Elkartea deseskalatzeko fase kopuruak ez ditugu zehaztu, baina hasiera bat behar denez 0 FASEA deitu diogu. Fase honen iraupena larrialdi egoeraren deseskalatzearen baitan izango da. Printzipioz datozen bi asteburuak. Honakoa da Eneko Narbarte eta zuzendaritzaren arteko akordioa.

0 FASEA: Maitzak 29 Ostiraletik – Ekainak 7 Igandera

  • ELKARTEKO JANGELA TABENARIAREN ESKU UZTEA: Eremu hau tabernaren parte izatera pasako da. Epe honetan tabernariak kudeatuko du erabilera osoa. Bere esku geratuko da garbiketa, hustiapena eta zaintza. Tabernako beste edozein mahai bezala bezeroentzat eskuragarri izango dira bertako mahaiak. Elkarteko sarrerako sarraila behin-behinean jarri zena mantenduko da, soilik zuzendaritzak eta tabernariak izango dugularik giltza.
  • SUKALDEA TABERNARIAK SOILIK ERABILTZEA: Ezingo du inork, tabernariak ez beste, sukaldea erabili. Ez da bodega zerbitzurik izango ere ez. Ordenagailua ez dago erabilgarri. Edaria tabernakoa izango da, beraz tabernariak zerbitzatu eta kobratuko du.
  • JANGELAKO MAHAIEN ERRESERBA ESKUBIDEA: Soilik bazkideek, jangelako mahaiak erreserbatzeko aukera izango dute, tabernariarekin adosturiko erabilera burutzeko. Erreserbak aldez aurretik egin beharko dira, azkeneko momentuan bazkide batek okupaturiko mahai bat eskuratzeko inongo eskubiderik ez duelarik izango. Elkarteak edukiera erdia izango duenez, ordutegiak zehazteko gomendioa egin zaio tabernariari errotazioak ahalbidetzeko.
  • JANGELAREN ORDUTEGI MUGA: Terraza jasotzearekin batera (23:00tan), elkarteko jangela itxiko da. INORK ezingo du bertan egon, EZ BAZKIDE, EZ ERABILTZAILE!

Modu honetan irekitzea, piskanaka egokitzeko modua izan daitekeela uste dugu. Normaltasunerantz bidean lehenengo urratsa besterik ez. Ez genuke elkartearentzak ondorio kaltegarririk jasan nahiko, beraz zuen ulermena eta adeitasuna eskatuz, baldintza hauek errespetatzeko deia egiten dizuegu: Osasuna, errespetua, elkarlana eta konpromisoa.

Mila esker erabiltzaile eta elkartekide!

zuzendaritza

Categories: Elkartea

0 Comments

Utzi erantzuna

Avatar placeholder

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude