Pasa den astea modu deserosoan hasi genuela aitortu nahi genizueke. Herrian zehar (parrokian, frontoian eta kiroldegian) elkartearen aurkako zenbait pintaketez ohartu ginen guztion harridurarako. Elkartearen itxiera eskatzen zen hauetan, baina ez zen egilearen edo egileen inongo zigilurik azaltzen.
Goizean bertan udalari pintaketa hauek ezabatzeko eskatu zitzaion, inongo aldarrikapenetik at mespretxuzko mezuak zirela argudiatuta. Udalak berehala jarri zuen kasu hauetarako garbiketa protokoloa martxan eta astearterako ezabatu egin ziren.
Gertaera honekin nahikoa ez eta asteburuan bertan elkarteko sukaldean gertatu zen eztabaida liskartsu baten berri ere jaso genuen. Eremu honetan derrigorrezkoa den musukoa erabiltzearen inguruan bi bazkideren arteko talka izan zen. Bazkideetako bat zuzendaritzako partaidea da. Talka honen ondorioz, pasa den asteburuan, sesioan parte hartutako beste bazkideak zuzendaritzaren aurkako irainak eta gaizki esanak burutu zituen sare sozialetan, eta osterantzean, alde bakarrez, elkartetik baja emateko eskaera burutu zuen.
Zuzendaritzaren ikus puntutik, musukoaren erabileraren derrigorrezkotasunaren inguruan eztabaida daiteke, baina COVID-19aren inguruko protokoloak eta agintarien irizpideak argiak dira, eta bazkide eta herritar guztiok arduraz bete beharrekoak gainera. Liskarraren ondorengo edo aurreko arrazoi pertsonaletan ostera zuzendaritzak ez du zer esanik, baina elkartean horrelako sestrak sortzea ez dela gustokoa adierazi nahi genizueke.
Gure iritziz, bi gertaera hauek ez dute inongo loturarik, baina argi dugu elkartearen izen ona zikintzen dutela. Adierazpen askatasunarekin ados gaude, baina gauzak hitz eginez konpontzen direla ere pentsatzen dugu. Ateak zabaltzen dizkiogu elkartearekin arazorik izan dezakeen edonori gurekin bildu eta konponbide batetara iristeko. Bide hau jorratu gabe erabili diren bitartekariak koldarkeria hutsa direla gaineratu nahi genuke halaber.
Gure elkartearekiko konpromisoa eta ardura azaltzearekin batera, lanean jarraituko dugula adierazi nahi genizueke amaitzeko.
Aurrera Tinelu!
0 Comments